Gizarte Etxea - Arrankudiaga

Gizarte > Funtzionamendua

Deskargak | Loturak

Funtzionamendu Orokorra

Gizarte-Etxea bere baliabideekin mantentzen da, era herrikoienean. Tabernatik ateratzen denarekin eta, bereziki, herriko jaietan egiten den ahalegin bereziarekin ordaintzen dira funtzionamendurako zein ekintzetarako gastuak. Aipatzekoa da itzelezko esfortzu honen atzetik herritar askoren borondatezko lana dagoela.

Proiektu hau gauzatu ahal izateko, urtean zehar ekintza zeharo ezberdinak antolatzen dira. Aipatzekoak: txanden antolaketa, taberna girotzeko egur mozketa, sukaldari eta zerbitzarien konpromisoa, konponketa lanak eta zuzeneko kultur ekintzen antolaketa, batik bat.

Antolaketa batzuetan pertsona zehatz batzuk daude arduratzen direnak eta, beste batzuetan, kultur dinamiketan bereziki, batzorde batek antolatu eta bideratzen du dena. Aipatzekoa da batzorde zabala dela eta auzokide guztiok parte hartu ahal dugula antolaketa lanetan; izan ere, bere erruz hilero kultur ekitaldi batez gozatzeko aukera izaten dugu azken urteetan: kontzertu, antzerki edota ipuin kontalari eran, hitzaldiak zein emanaldiak eskaintzen, jaialdi eta ikastaro bereziak antolatzen, pintxo, argazki edota bestelako txapelketak martxan ipintzen eta abar.

2010. urtean sortu berri den webgune honetan ere batzordea izan da proiektuari martxan jartzeko astindua eman diona, Gizarte-Etxea garai berrietara egokitzeko asmotan eta zerbitzu berriak eskaintzeko auzokide eta lagun guztioi. Dena den, honetan ere, Gizarteko funtzionamendu orokorrean gertatzen den bezalaxe, parte hartzea sekulakoa izan eta izaten ari da. Argi dago, bada, eredu honekin etorkizuna badagoela eta guztion artean Gizarte-Etxea osatu eta egingo dugula.

Proiektu eta ekintza hauek guztiak, arlo ekonomikoa eta sor daitezkeen bestelako iniziatiba edo arazoak, asanbladatik pasatzen dira. Hau baita Gizarte-Etxeko funtzionamenduan mailarik gorena. Auzokideek osatzen dute eta guztiz irekia da. Bertan, lanerako irizpideak markatu, antolamendu orokorrak zehaztu eta sortzen diren zalantza, ekarpen edo proposamenak onartu eta eztabaidatzen dira, erabakiak hartzeko eta martxa onean aurrera jarraitzeko.

Esan bezala, nork bere lekua topatzen du Gizarten laguntzeko, nahiago duen modua eta momentua. Gizarte Etxea ongarrituz eta herria astinduz, gozamenaren uztak guztiok jasotzeko ondoren.

2017-10-19

EUSKARAREN ALDE AHO ETA BELARRIAK AKTIBATU

Arrankudiaga-Zollon azaroaren 3tik 10era

Albiste gehiago

© Gizarte Etxea 2010 - Eskubide guztiak erreserbatuta

Garapena: Sonna