Gizarte Etxea - Arrankudiaga

Gizarte > Arrankudiaga

Historia

Arrankudiaga. Uribeko merindadeko elizatea da eta Gernikako Juntetxean 40.  jarlekua zeukan.  
XV. mendean elizate independentea egin arte,  Basauri, Zaratamo eta  Alonsotegi herriekin batera, Arrigorriaga barruan aurkituko dugu.
Udalerria izan baino lehenago, baditugu Arrankudiagari buruzko aipamen historikoak. Horietako  bi aipatuko ditugu:

1- Saladoko batailakoa. Hala, Diccionario Geografico-Estadistico-Historico delakoan (Madril,1847), hau irakurri dezakegu:

y en ella (en la carretera) está la casa consistorial, en cuya fachada se ve un escudo de armas con 8 aspas por orla, banda verde en campo de oro, y unos versos en qué se indica el ardid y fortaleza que demostraron sus vec. en 1227, el día de San Andrés , en la conquista del Alcázar de Báeza y en la famosa batalla del Salado.

Ez dakigu benetan egia den edo, baina hori da gure armarriaren legendaz dugun erreferentzi bakarra.

2- XIV. Mendean, Arrankudiagako nekazariek, Zeberiokoekin batera, uri edo hiribildu berri bat, Miraballes, sortzea  eskatzen dute.

Halako hasiera bat agertu daiteke edozein liburutan, baina guk idatzi nahi dugu, batez ere, herritarren bizimodua: zertan lan egiten zuten, noiztik dagoen eskola bat edo medikua Arrankudiagan; hau da, herri xumearen historia.

Gure herriaz eta, oro har, Arratia-Nerbioiz, antzinako informazio gutxi dugu; ez dago monumentu nabarmenik, ezta gertaera garrantzitsurik ere.

Egin dezagun ibilbidetxo bat lehengo denboretatik, Erroma garaitik hasita.

Badakigu euskaldunak leinuetan antolaturik geundela; gure zonaldean, Nerbioi ibaitik Deba ibairaino, karistioak kokatzen ziren.
Bizkaiko barrualdean gutxi dira erromatarren aztarnak.  Badirudi Arrankudiagako Uribarrin aurkitutako erromatar zeramika zatia dela horietako bat.

Erdi Aroan elizak aldaketaren eragileak dira. XI. mendean kristau-ohiturak eta paganoak elkarrekin bizi dira eta elizetxeek eragina dute bizitzaren maila guztietan: ekonomian, antolamenduan, erlijioan,...
XI. eta XII. mendeetan sortzen dira lehengo eliza txikiak. Gure inguruan,  Abrisketako San Pedro, adibidez.

Behe Erdi-Aroan, XIII. eta XIV. mendeetan, urien edo hiribilduen sorrerarekin eta merkataritzaren garapenarekin,  Arrankudiagak sasoi onak ezagutuko ditu, Gaztela-Bilbo merkataritza bide garrantzitsuan kokaturik zegoelako. Merkataritza bide honek ez du bere garrantzia galduko ondorengo mendeetan.
XVII. eta XVIII. Mendeetan, Nerbioi harana mesetarekin komunikatzeko biderik onena zen eta gure herritik pasatzeak hazkunde ekonomikoa ekarri zion Arrankudiagari.

Alde batetik, errege-bidea eta zubiak udalak konpondu behar zituen, baina, bestetik, taberna, jatetxe eta ostatutik ateratzen zituen irabaziak.
Baserritarrak ere, nekazaritzako zeregin gutxiko aldietan, garraioan aritzen ziren.

Errepideak baldintzatuko du populazio eredua ere; auzo txikiak bere bazterretan kokatuko dira: Bakiola, Gallarraga, Poiu, Otxanduri, Gastaka, Zuloaga...

XIX. mendearen bigarren zatian, Bilbo-Tutera trenbideak edo “ferrilleak” iraultza bat ekarri zuen garraiobideetan, baina Arrankudiagara ez zuen ekarri ez industriarik, ezta diru sarrerarik ere, geltokirik ez zeukalako.

Geroagoa, XIX. Mendean, Iberlandan tren geltokia egingo da,  eta, beranduago, Arbiden eta Bakiolan. Trena garrantzi handikoa da, gaur egun, arrankudiagarretzat, zeren  lantokietara, ikasguetara edo dibertsio tokietara joateko erabiltzen baita.
 
Bilbao-Zaragoza autopistak XX. mendearen 80ko hamarkadan, Nerbioi eskuinaldetik, herria zeharkatuko du. Garai horretan, errepidez egiten zen garraioa, batez ere, eta halako azpiegiturak egin ziren.

Azken bi lan hauek, trenbideak eta autopistak,  herriko auzo batzuk banatu zituzten, paisaian eragin handia izan dute, kutsadura akustikoa sortu dute...

ARRANKUDIAGAKO UDALA ETA HONEN ZERBITZUAK

Hasieran esan dugunez, Arrigorriaga herritik banatu zen 1440. urtean, gutxi gorabehera, Andra Mari eliza eraikitzean.
Hurrengo mendean, Zollo, 1520an, eta, Arakaldo, 1522an, banatuko ziren Arrankudiagatik, San Martin eta Santa Marina elizak egiterakoan. Udal berri hauek ez dute edukiko ez jarlekurik, ez botorik Bizkaiko Juntetxean eta Arrankudiagak ordezkatuko ditu.
1966an Arakaldo, Zollo eta Arrankudiaga batzeko eta udal bakar bat osatzeko proposamena luzatu zen. Arakaldok ezetz esan zuen, eta 1968an Zollo batu zitzaion Arrankudiagari. Eta hau da gaur egungo egoera.

ESKOLA
Arrankudiaga sortu zenetik, eskola bat izan arte, mende batzuk pasatu beharko dira.  XIX. mendearen hasieran eskola egongo da lehenengo aldiz. 1810ean hiru elizateetako sexu bietako 38 ikasle zeuden eskolatuak “Santisima Trinidad eskolan”; hiru elizatek erabiltzen zutela adierazi nahi omen du izenak. Errekaren ondoan zegoen eta gastuak (soldata, etxebizitza,...) hiruren artean ordaintzen zuten proportzionalki.
XX. mendean neskentzat eskola sortuko da eta maistrak ez zuen kobratzen maisuak kobratzen zuenaren erdia ere ez. Zollok ere, garai honetan , eskola eta maisua lortuko ditu.
 
Medikua Arrankudiagan, maisuarekin batera agertuko da, gutxi gora behera, baina, laster desagertuko da diru faltagatik,  eta, bere ordez, zirujaua egongo da.
Botikaria-farmazialaria eta albaitariak ere bazeuden eta guzti hauek udalek ordaindu behar zituzten.
Administrazioaz eskribaua arduratzen zen.

“Ospitale Santua” edo ospitale bezala ezagutzen zena ere bazegoen; txiroentzat edo beharra zutenentzat egoitza zen. Plazan zegoen eta urteetan sartuak garenok ezagutu genuen eraikuntza hori, beste erabilera bat zuenean: tren geltokiaren arduradunaren (faktorearen) etxebizitzarena.

EKONOMIA
Aipatuta dugu errepideak izan zuen garrantzi ekonomikoa mendeetan zehar. Bertatik mugitzen  ziren merkantziak, pertsonak eta ideiak.

BASERRIA
Arrankudiagan nekazaritzak eta abeltzaintzak garrantzi handia izan dute ere. Atal honetan, XVII. mendean, artoaren landaketak, lehenengo aldiz, eduki zuen garrantzia azpimarratu behar dugu; elikagaia dagoenez, populazioaren hazkundea ematen da.

INDUSTRIAURREA
Olak, burdina lortzeko, eta errotak ere aurkituko ditugu aurreko mendeetan.

Jabegoa ez zegoen berdintasunez banatuta XVIII. mendearen amaieran. Hiru lagun Arrankudiagako etxeen herenaren, burdinola bien eta errota errentagarrienen jabeak ziren.  Euren artean, Legorburu zen nagusia; geroago, Epaltza familiarenak bezalakoak ezagutuko ditugu jabego horiek.

INDUSTRIA
XX. mendean, inguruko fabriketan lan egingo dute arrankudiagar batzuk; baina, 60ko hamarkadan Arbide auzoan kokatuko den FAMESA izeneko fabrikarekin, izugarrizko aldaketa ekonomikoa emango da. Herritar gehienek bertan egingo dute lan, baserria bigarren maila batean geldituko da, eta etxe askotan ezagutuko da, lehengo aldiz eta  hilero, soldata “on” bat.

ZERBITZUAK
Egun, populazio aktiboaren gehiengoak zerbitzuetan lan egiten du, batez ere administrazioan; eta irakaskuntzan aritzen direnen kopurua esanguratsua da ere.

ARGAZKIAK

Gehiago ikusi

  • #
  • #
  • #
2017-10-19

EUSKARAREN ALDE AHO ETA BELARRIAK AKTIBATU

Arrankudiaga-Zollon azaroaren 3tik 10era

Albiste gehiago

© Gizarte Etxea 2010 - Eskubide guztiak erreserbatuta

Garapena: Sonna