Gizarte Etxea - Arrankudiaga

Gizarte > Arrankudiaga

Eskola

ARRANKUDIAGA LHI

50ko hamarkadan sortu zen, eskola unitario gisa. Garai hartan gela bi baino ez zeuden, mutilena eta neskena, adina kontuan hartu gabe.

Eraikinari dagokionez, urteetan aldatu gabe egon da. Plazapeko solairuan, gela bat eta gimnasioa. Plaza pareko solairuan, bi gela. Geroago, jantokia jarri zen erdiko solairuan eta irakasleen gela, azken solairuan.
2006an berritze lanak hasi ziren, eta bi ikasturtetan eskolako gelak herriko bi lokaletan eta modulu aurrefabrikatu batean egonda.
2008ko urrian estreinatu zen eskola berria. Honela dago banatuta:

* plazapeko solairua: aldagelak, zuzendaritzaren gelak, irakasleen gela, gurasoen batzar gela, biltegia

* plaza pareko solairua: jantokia, psikomotrizitate gela, Haur Hezkuntzako gelak

* lehen solairua: ikus-entzunezkoen gela, 8 gela, liburutegia, aholkulariaren gela

* goiko gela: informatika gela

Arrankudiaga LHIren ezaugarri nagusia Eskola Txikia izatea da. Hori dela eta, adin ezberdinetako umeak elkartzen dira klase berean. Horrez gainera, lanerako metodologia zehatza erabiltzen da. Oinarria teoria konstruktibista eta elkarrekintza dialogikoa dira eta proiektuen bidez gauzatzen da. Proiektuak umeekin batera aukeratzen dira, beraien interesak kontuan hartuta, duten jakin-mina asetzeko. Proiektu funtzionalak eta zentzudunak izaten dira eta, garatzerakoan, garrantzi handia ematen zaie umeen arteko interakzioei eta adin ezberdinak elkarrekin egoteak dituen abantailak aprobetxatzen dira. Lan hau Areatza eta Zeberioko eskolakoekin koordinatuta garatzen da. Hauek biak Eskola Txikiak dira ere.

Ikasleak
Ikasle kopuruari dagokionez, asko aldatu dira gauzak. Duela hamalau urte inguru, ume kopurua ikusita, murrizketak egin nahi izan zituzten, LOGSEren barruan: bertan egingo ziren Lehen Hezkuntzako 2. mailara arteko ikasketak, eta gero umeak beste herri batetara joango ziren. Gurasoen laguntza eskatu zen orduan, eta urte horretan jaiotako umeen gurasoek agiri bat sinatu zuten umeak eskolan matrikulatzeko konpromisoa adierazteko (eta unea heldu zenean, matrikulatu ere). Gaur egun, 90 ume daude eskolan, 6 gelatan banatuta: Haur Hezkuntzako 1. zikloa, Haur Hezkuntzako 2. zikloko 1. maila eta 2. maila, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. zikloak.

Maisu-maistrak
Irakasleei dagokienez ere, aldaketak egon dira. Hasieran, orotariko maisu-maistrak ziren. Geroago Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak bereizi ziren. LOGSErekin, maisu-maistra espezialistak agertu ziren, eta ordutik irakasle gehiago ditugu eskolan; gela bakoitzeko tutoreaz gain, badaude honakoak ere: Musika, Ingelesa, Gorputz Heziketa, aholkularia. Gaur egun, guztira, 11 maisu-maistra daude eskolan.

Zerbitzuak
Jantokia: Zerbitzu hau ematen hasi zenean, umeak Angelita Gonzalezen (Arebiotorrenekoa) etxera joaten ziren bazkaltzera. Gero, Gizarte Etxean ematen zen zerbitzu hau. Bazkaria Belenen tabernan prestatzen zen eta udaletxeko langile bi arduratzen ziren umeak zaintzeaz. Gero, gurasoak arduratu ziren horretaz. Aurrerago, eskolara aldatu zen zerbitzu hau, Jaurlaritzaren ardurapean (kudeaketa zuzena). Ordutik sukaldari bat dago, eta 4-5 monitore (ume kopuruaren arabera), Jaurlaritzak kontratatutako enpresaren ardurapean. Jantokia Gizartetik eskolara aldatu zenean, udalak erosi zituen elektratresnak, gurasoek ordainduta, urte batzuetarako ezarritako kuoten bidez. Eskola berria egin denean, erabat berritu dira jantokiko instalazioak.

Garraioa: Urteetan udaletxeko furgoneta arduratu da umeak eskolaraino ekartzeaz. Duela urte batzuetatik, Arbide, Atxeta, Arakaldo eta Zolloko umeen garraioaz Hezkuntza Saila arduratzen da. Hasieran, taxi bat zegoen. Gaur egun, txikibus bat behar da dauden ume guztiak ekartzeko. Bidaia bi egiten ditu: Zollokoak, alde batetik, eta Arbide, Arakaldo eta Atxetakoak, bestetik. Udalaren furgonetak beste bi egiten ditu, auzo ezberdinetatik: Labeko, Goizaga, Uribarri.

ARGAZKIAK

Gehiago ikusi

  • #
  • #
  • #
2017-11-14

GAZTAINA EGUNA

azaroak 19, domekan

Albiste gehiago

© Gizarte Etxea 2010 - Eskubide guztiak erreserbatuta

Garapena: Sonna